Kid

Ohean.
Pentsatzen.
Karretera batean, kotxean aldapan behera eta balaztarik gabe.
Ikusten dut,
ume bat,
ume bat,
zebrabidearen erdi-erdian,
alboetara begira,
Sands hil zuten,
H block-en aurrean,
ez daki zer egin,
ezin da mugitu…
Eta kotxea, karretera batean, aldapan behera eta balaztarik gabe.
Zerua grisa da.
Eta atzo euria egin zuen.
Gaur, ez da ezer gertatu,
baina bihar bai gertatuko da.
Orangisten martxa, urtero bezala.
Eta umeak,
korrika egin nahi du,
baina oinak lurperatuak ditu,
hondoratuak, lurrean.
Zebrabidearen zuri eta beltzaren lerroen artean du begirada.
Eta noizbehinka gora begiratzen du.
Zeru grisean zebrabide bat (zirrikitu bat) aurkitu nahi izango balu bezala.
Ez du, korrika egiteko jada indarrak.
Zeruan bakarrik sinistu du beti.
Eta zirrikitu edo lehio bat non ireki begira egon da beti.
Bildurra ematen dio, jendeak.
Mina egiten dio, jendeak.
Supermerkatuetako jende andanak, autobusetakoak eta batipat tanketa militarrek ateratzen duten hotsa.

Bere ile horia ikusi daiteke orain.
Gora, gora egiten duelarik.
Eskutik, heldu dion, esku batek altxatu du bere gorputza goruntz. Bera, begira dago oraindik, ez da ohartu ere.

Kotxea, bere azpitik pasatzen ikusten du.
Jendea ez da ohartu ere egin.
Balaztarik gabe kotxea bere azpian.
Bikoteak, eskutik helduta, eta amoranteak, kortinen atzean, west suburb-eko auzuneetan.
Hiri guztia ikusten ari da goi-goitik.
Begiak itxi ditu.
Ikusten duena erreala ote den ala ez, galdetzen dio bere buruari?
Ez dio axola egia esanda.
Ohean egon ala ez.
Erreala izan edo ez.

Dakiena da,
gauzak jada ez direla berdinak izango,
begiak irekitzen dituenean.
ftf.