Bunker & Desert

desert and bunker
Desertuak zapaldu ez dituenak ez daki zer den, hankak arean hondoratuta izatea.
Bunkerrean bizi izan ez denak ez daki zer den, trintxerak eraiki eta bertan bonbardaketaren osteako egusentia gozatzea.
—————————————————–
Batzutan, hobe litzateke, ez ezertxo ere ez jakitea.
—————————————————–
Ondarretako hondartza aprobetxatuz, desertu eta bunkerrak eraikitzeari ekin dio Udaleko etxebizitza sailak. Krisiari aurre egiteko modu eraginkorra omen. VPOko bunker eta desertuetan bizitzea egokituko zaie, laster.
—————————————————–
Guk aldiz, zoriona gramoka kolekzionatuko dugu, bunker eta desertuko karabanetan ibilitakoak, gu.

Desert Wine

Gauez, desertuaren kolorea jakin nahi baduzue, ezin duzue goiz oheratu. Eta derrigorrezkoa duzue begiratu aurretik, ardo bat hartzea. Izan ere, harrituko badizue ere, baina desertuaren kolorea gorria da. Desertu komunista.
TwentyNine Palms-era zoaztelarik edo beste edozein desertuetan barrena, gauetan, ez dago kotxeko argiak itzaltzea bezalakorik, desertuaren kolorea gorria dela ikusteko. Bai, Orion konstelazioa ardo busti gorriz zipriztindua ikusiko duzue, Batelgeuze edota Aldebarán izar disdiratsuak, ardo bainu bat hartzen entzungo dituzue alai. Sirio, ondoan, izar betaurrekodun, serio eta marmartia, bere nagusitasunagatik trufatzen ari direla pentsatuko du bere baitarako.
Korrika egitea pentsatzen baduzue, ez ahaleginik egin. Desertutik ez baitago eskapo egiterik. Desertu batetik beste batera pasatzen pasako baituzu bizia, korrika, eskapoan.
Gora begiratu eta kotxeko argiak itzalirik, ikus ikus…izar betaurrekodunak…nazioarteko ardo dastaketa eginez. “California, Australia,….!” Karraxika entzuten ditut hemendik. Beste batek, South Africa!” dio.
Desertutik ihesi, erotzen ari denaren ustetan dagoena, oker dago. Desertutik kanpo dauden guztiak dira bide okerretik doazenak.
(…)
Horregatik, ospatzen dute izar betaurrekodunek, ilunabarrero, gauaren etorrera. Beraien iraultza partikular festiboa. Desertu komunistarena.
(…)
Hurrengoan, desertu batetik zoazenean, kotxeko argiak itzali. Eta has zure iraultza desertiko partikularra!
Sláinte.
ftf.