Gasteiz & Ani

4pm.
Florida parkean egongo bagina bezala gaude, begiak, ixten ditugunean.
Han egongo bagina bezala. Baina hemen gaude.

Begiak irekitzen ditugu eta beste alde horretara egiten dugu:
Bero sargorea, Illinois inguruan edo, eta Greyhound-a atzean utzi dugu.
Eta Florida parkean aurkitzen gara.
Dena berdin dago.
Gure barruan zerbait aldatu bada ere.
Zerbait baino, guztia.
Ikusten duguna ez da berdina baina jendea ezer gertatuko ezpalitz bezala jokatzen du.

Eta ni zurekin akordatzen Ani.
Zure kemenaz eta malaostiaz.
Eta garraxi egiten duen emakume horretaz.
Nik entzuten dizut.
Oso garbi hemen egongo bazina bezala.

Guztia aldatu denean
eta ezer gertatu ezpalitz bezala,
urteen bueltan.

Eta zu izango zara,
nere Joyful girl hori.
Betirako.
Zure tximetan galdurik,
uda sargorearen korrika ateratzeko beharra.
Gogoa eta grina.
Parametro normaletatik aldenduz.
Baina edertasun eta zeru grisaren pare,
begirada aske eta antikonbentzionala.

Zure tximetan galduko naiz.
Begiak irekiko ditut Florida parkean etzanda nagoelarik.

Espero dut,
begiak irekitzen ditudanean,
hor egongo zarela.
Zure tximetan,
orotara
baso batean bezala
gal nadin.

Gaur arratsaldea
den
une eta leku mugagabe horretan barna.
ftf.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *