Tigre batekin bizi (H.Cano.)

H.
hemen jasotzen diat
idazki inspirazio gai hona, nerera ekarririk.
Gure elkarrizketetan maiz izan dena.
Hirea duk honakoa. Nerera ekartzen diat,
gure elkarrizketen testigu:

//

Tigre batekin bizi

 

Alferrik da hona nola heldu zen galdetzea.

Gure aurreko maizterrak ahaztu ote zuen deskuidoz edo maleziaz,

leihoak zabalik utzi arau sartu ote zen gu ohartu gabe,

geure disko bilduma gorroto duen bizilagunen jukutria ote den

edo hilean behin ura, gasa, argindarraren kontaduria

aztertzera datorren

langile buzo-urdinarena.

 

Irakurri ditut gustuko pentsalariak, Wittgenstein, Cioran, Steiner;

baina ez dut haietan erantzunik topatu.

Dakidan gauza bakarra da tigre bat bizi dela gurean.

 

Hura ikusi gabe egunak ematean ere,

jada ez diogu, lehen bezala,

joan ote den itxaropenik elkarri aitatzen:

badakigu itzuliko dela eta itzuli egiten da.

 

Tigre bat ez da katu bat, horregatik,

ez jakin noiz bukatuko zaizkion bizitzak.

 

Hor dagoela irudikatze hutsak eragozten digu sarri ohetik ateratzea.

 

Ehiztari bokazioa piztu behar liguke tigreak, eta ez digu piztu.

 

Ginen anai-arrebetarik ez gaude guztiok,

baina tigrearena da errua?

Beti izan zen haserreren bat haietako bakoitza

betirako partitu zedinean

eta ez ginen erabat seguru egon

tigrearen erruaz,

nahiz eta ongi datorren batzuetan tigre bat etxean

errua nori egotzi izateko.

 

Lanera berandu iristean diogu: tigreagatik ez balitz.

 

Batzuetan egia da, beste batzuetan ez.

 

Tigre batekin bizi zarenean erlojuak atzeratu egiten dira,

hain goiz dela ematen du ze, oso berandu dela jabetzen baitzara.

 

Inoiz ez da uste duzun bezain garaiz.

 

Gezurra dirudi, tigre batek, atzapar horiekin,

erlojuetako orratzak mugitzeko abildadea izatea.

 

Berba anpulosa dirudi, baina hala da: denbora geratzeko gaitasuna du.

 

Beharbada ez genituen ongi interpretatu zeinuak:

hozkailuan faltatzen ziren gauzak, armairu nahasiak,

arropa tarratatuak.

 

Erne ibili beharra dago, tigre bat bizi bada zurean.

 

Ez da tigre kumea batere,

baina akaso kumeago zen lehen orain baino.

Gurekin batera hazi da? Tigre heldua zen hasieratik?

Ez ote dira, bat bakarraren ordez, bi tigre? Hiru, diozue?

Ez dugu segurantzia erabatekorik.

Etxekoak ez gara horretan ados jartzen,

gutxitan ikusi baitugu osorik:

batzuetan ez da geure bizkarrean sentitzen dugun

presentzia lausoa baino,

noiz hats, noiz kirats:

gure ospakizunen zelatan

geure ametsen aiduru

geure algaren jeloskor

geure lantuen zergatien jakin-min.

 

Burua jiratu orduko isatsa baino ez diogu ikusten,

arrastaka leun desagertzen.

Oin arrastoak moketan,

zurrunga oihanekoa,

egurrezko zoruaren karranka,

arrasto txikiak, ia ikusezinak izaten dirabatzuetan

hor segitzen duen seinale.

 

Entzun izan ditut adituak irratian hizketan:

tigrea hau, tigrea hura, tigrea bestea…

Eta nik, neure artean: “lekutan hitz horiek

tigrerik bazenute etxean”.

 

Tigre batekin bizi gara baina ez

ditugu elkarren begiak ezagutzen.

 

Agudo ikasarazi genion etxeko txikienari oinez,

beldur ginelako ez ote zuen tigreak isekatzat hartuko

bera ez beste inor

lauroinka ikustea.

 

Inor gutxi ausartzen zaizu etxera bisitan,

tigre bat bizi denean zurean.

 

Tigre batekin bizi garela ahaztu egiten dugu sarri,

egun luzetan akordatu ere ez, aizue,

bat-batean aurrez aurre topatzen duzun arte,

egun seinalerik gabekoenean:

demagun asteazken batez, demagun udazkenean,

demagun lanetik etxera goazela, txistuka, nekatuta.

 

Tigre batzuk nobleak direla diozue?

 

Tigreak tigreak dira, haratago ni ez naiz ausartzen.

 

Ez da babes ofizialeko etxea, baina tigre bat

bizi da geurean.

Pentsatu izan dugu: etxea saltzea, erosleari deus esan gabe.

Ate guztiak zabalik laga eta aldegin dezan itxoitea,

etxeko iturri guztiak irekita utzi eta guk geuk aldegitea.

Ia denetik pasa zaigu burutik, baina atzenerako, horixe da egia,

ohitu egin gara tigre honekin bizitzen.

 

Sor eta gara al daiteke kariñorik tigre batekiko?

Sor eta gara daiteke, baina tigrea tigre da,

ez ditu bere marrak eranzten.

 

Arra da ala emea? Berrogeita hamar urte ditu?

Hamabost? Hirurogeita hamabi? Bostehun?

Afalostean, hark miazkatutako intxaurrak jan bitarte,

tigrearen adinaz mintzatzen gara isilpean:

zahartu ote den batere, moteldu edo zabartu,

ez ote den dena iruzurra,

ez ote den tigre baten karetaz mozorrotutako

bizkarroiren bat.

 

Zehatz eta zuzen nahi nuke idatzi tigrearen marra bihurrietan.

 

Kalean barrena jendeari so, ez naiz galdetzera ausartzen:

baduzue zuek tigrerik etxean? Esan egia: badea tigre gabeko etxerik?

Ez ote da Harramazka guztiok bizi garen nazioaren izena?

Ez dute bada esaten, antzekoak garela gizon-emakume guztiok?

 

Tigre batekin bizi naiz eta ez dakit

asmatuko nukeen bizitzen

tigrerik batere gabe.

//

Ftf.