Mustupila gorringoak

Hatzak keyword-etik altxatu…twitter-ra itzali…zarata digitala….itzali…
eta loreari begira geratu zitzaion. Mahai gaineko lore horri.
Eta bakarrik, teknologiaren enpatxoz, behelainoa eta ihintza, mendietako kaskoetan, neguko, negu gorrietako elurrarekin amesten, itxi zituen begiak.
Far west-eko freeway-etan, kotxe zurian, elurpean, San Francisco-tik Portland-era bidean. Cottage-era iritsi arte. Non, han, oregon-eko etxola hartan, mustupila gorringoak itxoingo ziotela baitzekien. Urrun baina gertu. Kanpoko hotzkirriarekin, mustupila gorringoekin pentsatzen pasa zituelako milak eta milak gidatzen.
Mustupilla gorringoak miles away.
The Decemberists – Of Angels And Angles
ftf.

Lakes & Bays

azula

Badia, beti hor.
Gertu ez dugu lakurik.
Lagunak lakua aipatzen dit. Laku ondoan gustora bizi da, ardo baxoerdi, bainu eta ilargiari begira gauetan. Urruti. Hori nahi zuen. Urrutiratu. Trikutu, lubakitu. Bizarra hazten utzi eta urteak egitera bidean, laku ondoan bizi.
Sufjan Stevens – For The Windows In Paradise, For The Fatherless In Ypsilanti
Eta agian arrazoi du, ene lagunak. Lakuak bilatu behar ditugu, badiako ur ezagunak bistatik galdu gabe. Auzokideen begiradetatik ihesi, kladestinoak geu. Arabar errioxako ardo botila bat beti rekamaran, eta Jameson-aren artileri astuna armairuan, aixkidea noiz etorriko den bueltarako gertu.
Lakua kanpoa da, badia barrua.
Eta gu beti mugan.
Badietatik lakuetara.
Bietan ito gabe, urazaletik floting.
Erori gabe, akrobata eskafandristak. Urik gabe ezin bizi gaitezkeelako, baina ezta ondoak harturik ere ez.
Eguneroko bizitzaren ariketa ekilibrista horretan, ura ondoan.
Urarekin goaz, emeki. Eta ardo guztia edango dugu. Itsaso komunista bihurtu arte. Edo behintzat hurrengo egunari, azkartasun eta twitter-raren inperatiboei kiebroa eginez, gure auzuneko lakuan, oregon-eko cottage edota munich inguruan, lurrari ondo lotuta, erroetara ondo erantsirik, baina hankak libre, eta burua arin. Eta ura….gure aurpegia…egunero ur hotz horrek…gure arpegia zipriztindu eta esnaldi etengabeko batean eduki gaitzala errezatuz. Ez gaitzala lokartu badiak.
Iheserako baino, lakuaren botere purifikagarria nahi dugu.

Nere lagunaren patilek, ile txuriak erakusten dituzte. Eta, neuk nereak (gutxi), moztu egiten ditut. Hor daude ere ernetzen.
Nora begiratu behar dugu? Aurrera, atzera, ezker, eskubira…Agian inora.
Begiak itxi, ura entzun, zapatak erantzi, lurzoruaren hotza sentitu, eta egunen batean, berriro gora begiratzeko.
Hori da gure fatuma.
Hori da distantzia, gure denbora.
Mendea eta segunduak, jada unitate ez direnean.
Milak google maps-en kokatzeko balio ez dutenean.

Kanpoan, arbola batek, adarretako hostoak astintzen dituen haizeari begira ari natzaio. Une estrainoa bezain estupidoa. Eta handia tarteka.
Auzokideak, joan dira. Igandeko prozesiñoa betetzeko atera dira, elizkizun kaletar paganoa.

Oregon-eko lakutik munich-erako lakura, lurrazpitik, zuntz optikoz, ia oharkabean, lur subterraneoetatik dihoan, badiatik ateratzen den gure ur-aman-komuna.
Sufjan Stevens – Redford (For Yia-Yia & Pappou)
(mAKURTU,
jARRI BELARRIA INDIOEN MODUAN,
lURRARI PEGATUTA,
eTA ENTZUN.)

Lakuan oheratuko gara.
Lakuan edango ditugu bizitza honek utzi dizkigun azken ardo botilaren tantak.
Lakuan egingo dugu amets.
Lakuan larrua joko dugu.
Lakuan negar egingo dugu.
Lakuan ilargia beste behin ere deskubrituko dugu.
Lakuan….intxaur hori begitik kenduko duzu…
Eta lakuan,
dena hasiko da berriro ere.
Alcoholic Faith Mission – Nut In Your Eye

nut in your eye

ftf.

Portland Moon

Ez dut hemengo jendea ulertzen.
Kalera atera, betiko bera egin, jendez aldatu, baina beti aitzakia berdinarekin….etxean ez bakarrik geratu.
Plan A, plan B,…agenda bete…eta hori, ihes. Exit.
Gogoratzen naiz, Division St.eko taberna horretako eszena horrekin. Taberna horrekin, gorri kolorekoa, FB-eko nere argazkia atera nuen hori bera.  Eta han zeuden hiruzpalau jende multzo ezberdin: bikote bat, bi mutil eta neska bat eta barran bi tabernari eta neska bat…eta oso ondo akordatzen ez naizen gizaki bat.
Ni, nere ardoarekin, mahaiean. Pipa barruan prestatu eta kanpora ateratzen nintzen hartaz akordatzen ari naiz. Hain arraroa hemen, estanpa, hain normala, edo gutxienez indiferentea han.
Orduan, gora jartzen nintzen begira, Portland Moon-era.

Jendeak galdetzen dit, zer zegoen han.
Eta nik askotan ez dakit zer erantzun.
Eta esango nioke “ba…ezertxo ere ez”.
Agian, Raymond Carver-ren edota Hopper-ren kuadro batean bezala, “deus ere ez”.
Baina ez da egia.
Pipa horren kearekin, ilargirainoko saltoa ematen nuen. Sufjan Stevens kotxean zegoen bere zazpi zisneekin zai. Denak kotxea martxan jarri eta ilargira igotzeko goraino.

Harrezkero,
gauero, nere etxe aurreko bankuan,
jartzen den ilargi berbera.
Inorren zai egoteko ez den bankua.
Espreski bertatik, ozeanoaren alde honetatik soilik, Portland Moon-a ikusten den, banku preziso hori.
Nere etxea aurreko bankutik, ke artean:
Portland Moon.
ftf.

One day (more) (with some jet-lag)

Portland-en ohera joateko erabiltzen nuen kantua entzuten ari naiz. Mogwai-ren “Young Team”etik, 5.ena.
Bitartean, betiko “hometown”eko kafetegi honetan, tabako eta konbersazio algarak baino ez. Eta tabakoa bai, inguruan, kea eta algara. Zai nago. Kopa ia bukatzear.
——————————————–
Badia izaten dugu beti oroitzapenean. Jendea pasiran gora eta behera. Eta nik, zu zaitut gogoan. Eta zu berriz ere.
——————————————–
Denbora gelditu egin da. Eta desenkontruen aroan ateratzen ari ginenean, ohartu gara inoiz baino barrurago ari garela sartzen. Zerbaitek ez du ondo enkajatzen. Spring, udaberria, atejoka dabil eta bitartean, kafetegi honetako konbersazio algaratsu eta mutuak nere belarrietan.
——————————————–
Bitartean, etxeko argi txikiak piztuko ditugu etxeratzen garenean. Eta islandia bat imaginatuko dugu gauero, goizean goiz elur arteko spring bat imaginatu dezadan. Elur epelaren gainean, etzanda, besarkatuta aurkituko diren bi gorputz. Nik zu besarkatzen. Eta zuk, ni.
Spring berri baten hasiera, islandiaren lur izoztuaren gainean.
One day (more).
But the day.

——————————————–
Eta orduan, bapatean, pelikula japoniar horrekin akordatzen zara. Beno, agian ez du ezta esistitu ere egiten. Baina, oso mugimendu motelekin, kamara motelarekin hartutako pasarte hori datorkizu burura.
(Bitartean, algara ez da eteten Okendo (fucking) kafetegi honetan. Amoña eta aspergarria, sorry. Oh, ze zarata.)
Bai, nola mugitzen zen neska japoniarra mugimendu neurtuz eta bere soineko gorri horrekin. Izan zitekeen, In the mood for love-eko protagonista zen hura. Ederra, emakume ederra bai. Eta nola, protagonistak muxu bat ematen dion, ezpain gorri horietan. Eta denbora geratu egiten den. Eta berak, ez du inoiz horrelakorik sentitu, tabako usainarekin jada nahastu den muxu hori.
Bukatu da eszena.
Kea baino ez.
Neska joan da.
Mutila, sabaira begira geratzen da.
Kearen artean, sabaia begiratzen geratzen da.
Zer edo zer hor galduta utzi izan balu bezala.
Ulertuko ez balu bezala.
Hor geratu da.
One day (more).
But the day.